Albisteak

 
Lemoako Liburutegia Kultur Ministerioak ematen duen irakurzaletasuna sustatzeko Maria Moliner XV. Kanpainaren Deialdian saritua izan da. 1998.urtetik ospatzen den lehiaketa honek, 50.000 biztanle baino gutxiago daukaten udalerrietan irakurzaletasuna sustatzeko bideratzen diren ekintza onenak saritzea du helburu. Lemoako Liburutegiak aurkezturiko proiektuak, 2012.urtean irakurzaletasuna pizteko antolatutako jarduera guztiak biltzen zituen, aurton lehenengo aldia izanik saria lortzen duela.

Sarituak aukeratzeko epaileek kontutan izan dituzte liburutegiaren esfortzua eta eraginkortasuna eskura dituen baliabideen arabera, proiektuaren planifikazio eta bideragarritasuna, zein ikastetxearekin lankidetzan ekintzak egitea.

Saritutako liburutegiak 300 izan dira guztira eta saria urteko nobedadeen artean aukeratutako 180 liburuz osatutako haur eta gazteei zuzendutako gaztelerazko liburu sorta izango da. Horrez gain, 2002. urtetik aldez aurretik aukeratuak izan diren 300 liburutegien artean, 12.000€ko hiru sari eskaintzen dira proiektu onenentzako, Iurretako liburutegia izanik aurton hauetako bat 5000 biztanle baino gutxiagoko kategorian.

Josune Lejarazuk, Lemoako liburuzainak, sari hau guztion lanari esker posible izan dela azpimarratu nahi izan du “liburutegiak ekintzak proposatu ditzakeen arren, beharrezkoa eta ezinbestekoa izan dugulako herritarren parte-hartzea hauek arrakasta izateko. Garrantzitsua izan da baita J.B. Eguzkiza Meabe Ikastetxea gurekin elkarlanean aritzea eta baita proiektu honetan Udalak konfiantza eta laguntza ekonomikoa jartzea”.