Lemoako jai nagusia da, nahiz eta irailaren 8an ospatzen dan Andra Mari izan udalerriko patroia.
Jai honeek berezitasun bat daukie: txandaka eta hiru urteko aldietan, kokapen ezbardinetan ospatzenn dira.
Hona kokapenok:
- San Inazio auzoa bera (non santuaren baseliza dagoala).
- Elizondo auzoa (non parrokia dagoala).
- Arraibi auzoa (non udaletxea dagoala).
Hala ere, esandako kokapenaz gain, beste leku bat be badago udalerriko jaiak hasten diranean, giroaz gainezka dagoana: kiroldegia eta bere ingurua, igerilekua eta ikastetxea.
Jai-egitarauaren barruan badagoz ekimen batzuk klasikotzat hartzeko modukoak, hurrengoak modukoak:
- Txupinazoa eta kalejira, lagun-talde, erraldoi, buru handi, gaitajole, trikitixa eta abarrekaz.
- Lagun-taldeen afaria.
- Pelota partiduak, berezitasun bategaz: urte batzuk dirala, profesionalen arteko partiduetan, beti dago Lemoako pelotariren bat.
- Rock kontzertuak.
- Gaupasak.
- Goizaldeko txokolatadea.
- Durundi Barri dantza taldearen saioa San Inazio egunean, baselizako plazan.
- Txistulari eta gaitajoleen kalejira San Inazio egunean.
- Umeen Parkea, ginkana, merendola eta ekitaldia txikienak diranentzat.
- Play Back eta zomorroen lehiaketak.
- Herri kirolak, igela, boloak.
- Artisautzako azoka.
- Mus eta briska txapelketak.
- Eta, jakina, betidaniko sardinada. Hauxe dogu, hogeita hamar urte baino gehiago dirala jai-egitarauan ikusi daikegunez, Ehiza eta Arrantzako Sozietateak herritar guztiei egiten deutseen oparia.
Egintza guzti honeekaz batera, egitarauan sartzen diran saio eta gertakariak ere badaude.