Ondarea

 

Juan Bautista Eguzkitza Meabe (1875-1939) lemoarra euskal kulturaren biziberritze-garai batean bizi izan zen, eta Elizak funtsezko rola izan zuen biziberritze horretan. Eguzkitza Meabe apaizak ekarpen handiak egin zituen euskal kristauek hizkuntzari uko egin beharrik gabe euren erlijioa praktikatu ahal izateko behar zituzten bitartekoak eta tresnak izan zitzaten. Horixe izan zuen egitekoa 1936. urtera arte. Hala ere, Eguzkitza ezaguna da, baita ere, itzulpenaren, etnografiaren eta kazetaritzaren arloan egin zuen lanagatik; hala, bai haren lan idatziek, bai gizarte- eta erlijio-gaiak aipatzen zituzten sermoiek funtsezko balioa dute.

Juan Bautista Eguzkitza Meabe Lemoan jaio zen, 1875an. Bere eskuizkribu eta kazetaritza-testuetan ikus daitekeenez, goitizen ugari erabili zituen, besteak beste Lemoarra, Erri, Errizale edo Errien.

Gazterik joan zen Gasteizko apaiztegira, eta bertan teologia ikasi zuen. 1903-1904 ikasturtean, berak egin zuen ikasturte hasierako hitzaldia. Latinez egin zuen, bikainki ezagutzen baitzuen hizkuntza horren erretorika.

Elizako kargu baterako lehiaketa bat galdu zuen, eta berak porrot gisa hartu zuen hori; ondorioz, Gasteizko apaiztegiko irakasle izateari utzi eta Lekeitiora joan zen. 1904. urtea zen, Lekeitioko latin-katedra hutsik zegoen, eta Eguzkitzak hurrengo 33 urteak eman zituen kostaldeko herri horretan, gerra iritsi zen arte.

Nazionalista izatea leporatu zioten, atxilotu egin zuten eta epaitu egin zuten; alabaina, aske utzi zuten, froga falta zela eta. Hala ere, osasuna galdu zuen, eta Lemoan hil zen 1939ko irailaren 12an. Resurrección Maria de Azkue lekeitiarra, Euskaltzaindiako buru izan zena, lagun min izan zuen. Adiskidea hil zitzaionean, Azkuek haren lan literarioa goraipatu zuen.
Eguzkitza Meaberen jaiotze-urtearen mendeurrenean, 1975ean, Euskaltzaindiak omenaldia egin zion Lemoan. Ekitaldi hartan Eusebio Erkiagak eta Aita Santi Onaindiak hitz egin zuten. Haiek esan zuten moduan, idazle lemoarraren helburua herri xehearengana iristea zen.
Bere lanen artetik, aipagarria da “Garbitokiko Arimaren Illa” (1915) lana, Sardá y Salvany apaiz katalanaren obraren itzulpena. Handik lau urtera, “Andra Mariaren Loretako Illa” argitaratu zuen, estilo zehatz, argi, sinple eta eredugarria zuen lana. “Gauza bakotxa zergatik eta zertarako noz, nun eta zelan egin behar dan, zurtasunak irakasten dausku: zein dan ona, zein hobea ta zein onena; zein dan txarra, zein txarrago ta zein txarrena adieraztea be, zurtasunaren berarizko zeregiña da…”, dio laneko paragrafo batek. Erlijio-lanen artetik, aipatu beharra dago Baltzolaren “Argi Donea” lanari egin zion bizkaierarako itzulpena.
Eguzkitza Jaungoiko Zale elkarteko burua ere izan zen. Zornotzan zuen egoitza, eta hamabostero aldizkari bat argitaratzen zuen. Elkarte horrek Eguzkitzari aukera eman zion herritarrengana hurbiltzeko eta haien zerbitzura egoteko, erlijio katolikoa euskaraz bizitzeko bideak ematen baitzizkien.

Juan Bautista Eguzkitza Meabek interes handia zuen, halaber, garaiko gizarte-gaietan; izan ere, bazekien “euskaldun, fededun” esaera ez zela nahikoa fede kristaurako. Horregatik, garaiko gizarte-gaiak eta ekonomia aztertu zituen, besteak beste kapitalismoa eta sozialismoa, Elizak onetsi ez arren. Ordurako martxan zegoen Sabino Aranak sortutako euskal mugimendu nazionalista, baita euskal nazionalisten sindikatua ere, katolizismora lerratzen zena.
Aitzol edo Alberto Onaindia bezalako apaizen parte-hartzearekin Elizak bultzatu zuen gizarte-doktrinak beste fruitu bat ere eman zuen, Agrupación Vasca de Acción Social Cristiana (AVASC); Eusebio Erkiaga idazle lekeitiarra bertako kidea zen, eta, haren esanetan, Eguzkitza Meabe elkarte horren defendatzaile sutsua izan zen. Eguzkitzak gizarte-gaiei buruzko hainbat artikulu sinatu zituen Ekin astekarian eta Jaungoiko Zale aldizkarian. Hala ere, gai horiei buruzko bere lanik garrantzitsuena “Gizarte auzia” izan zen; bertan, “gizartekeria” deitu zion sozialismoari, eta “balsakeria”, berriz, komunismoari.
Euskaltzaindia 1919an sortu zen, Eusko Ikaskuntzaren eta Oñatin egin zuen biltzarraren harira. Resurrección Maria de Azkue izan zen euskararen akademia antolatzearen arduraduna, Euskaltzaindia osatu zuten beste hiru pertsona hauekin batera: Elizalde, Campión eta Urkixo. Akademia sortu zen urte berean, beste zortzi euskaltzain izendatu zituzten, horietako bat Eguzkitza bera.

Akademian, Eguzkitza euskara batua sortzeko lanetan aritu zen, eta aditzez eta ahoskeraz arduratu zen. Gaztelaniatik zetozen hitz guztiak ezabatu nahi zituen korronte garbizalearen aurkako jarrera agertu zuen. Horrez gain, Azkueren “Morfología vasca” liburuan ere parte hartu zuen. 1922an, Eguzkitzak txosten handi bat aurkeztu zuen Euskaltzaindian, hainbat gai garrantzitsuri buruz; besteak beste, euskara batzeari buruzko lan handia egin zuen. Eguzkitzak defendatutako testi ugari gaur egun ere baliagarriak zaizkigu.
Horrez gain, lanean hasi zenetik, Eguzkitza ez zen inoiz urrundu irakaskuntzatik; horri esker, lemoarra hezkuntza-sistemaren sustatzaile nagusienetako bat izan zen, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, EAJ erakundearen buru jarri eta Instrukzio Publikoaren Batzarra martxan jarri zuen unetik bertatik. Organismo hori arduratu zen, besteak beste, Bizkaiko lurralde osoan zehar ehunka auzo-eskola sortzeaz.

Horrez gain, Eguzkitzaren kazetari-lanak ere aipatzekoak dira. On Juanek, Lekeition esaten zioten moduan, egunerokotasueko gaiei, Euskadiren egoerari eta euskarari buruzko jakin-min bizia zuen, gaia edozein zela ere. Hainbat kazetaritza-lan egin zituen, besteak beste Ekin aldizkariko artikuluak, estilo sinplean eta esaldi laburrekin idatziak. Artikulu horietan Lekeition gertatzen zirenen berri ematen zuen, eta Erri eta Errien goitizenekin sinatzen zuen. Idatzi zituen artikuluen artetik, bereziki aipatu beharra dago “emakume euskotarra” izenekoa, emakumea goraipatzeko xedez idatzi zuena; Kirikiño saria irabazi zuen lan horrengatik 1930ean. Honela deskribatu zuen Eusebio Erkiagak haren estilo literarioa: “prosa arina eta erraza da orkoa, gero eta errikoiago; esaldi labur samarrak eta erdalitzak be, inoiz baino ugariago. Onelakoxea izan zitekeen arrezkero haren idazte modua jaso zana jaso ez balitz. Gerrateak euskal literaturan egin euskun urratualdi negargarria, besteak beste”.