Ondarea

 

Tranbia elementu garrantzitsua da Lemoaren historia hurbilean. Tranbiaren mantentze-lanak egiten zituzten tailer nagusiak Lemoako Tallerreta auzoan zeuden, Durangaldeak eta Arratiak bat egiten zuten lekuan; izan ere, tranbiak bi eskualde horiek Bizkaiko hiriburuarekin lotzen zituen. Instalazio hori eraikitzeko beharrezkoa izan zen Ibaizabal ibaiaren ondoko lursail bat betetzeko obra handi bat egitea; hala, lautada bat eratu zen. Gaur-gaurkoz, oraindik ere bertan ikus daitezke harrizko euste-hormak.

Lemoako kotxe-tokietan harrizko eta adreiluzko hormekin egindako eraikin nagusi bat zegoen, egurrezko egituraren gainean jarritako teilaz estalia. Bertan, doikuntzak egiteko, arotzeriako, muntatzeko, margotzeko eta halako lanetarako tailerrak zeuden. Tailerrak martxan egon ziren tranbia inauguratu zenetik 1964an itxi zen arte. Urte horretatik aurrera, autobusei bakarrik ematen zitzaien zerbitzu leku hartan.

Urte horretan bertan desagertu zen tranbia zaharkitua, XIX. mendearen amaieratik Arratiako garraio- eta komunikazio-bide garrantzitsuena izandakoa.

1882an, Bilbo eta Durango artean zerbitzu publikoa ematen zuen lehen trenbidea jarri zen abian. Ondoren, trenbideari zati berriak gehitu zitzaizkion, esaterako Gernikarantz zihoana (1888). Bizkaiko Trenbide Nagusia deituriko hura Durangaldeko ekonomiaren dinamizatzaile nagusi bilakatu zen.

Trenbideak sortutako hazkundea aprobetxatuz, komunikazioak nabarmen hobe zitzakeen tranbia bat ezartzeko aukera aztertzen hasi ziren. Tranbiak zenbait industria zeharkatzen zituen, hala nola Santa Ana de Bolueta, Basauriko La Basconia eta Lemoako Cementos Portland. Horrez gain, tranbia baliagarria zen inguruko herrietako biztanleak Arratiako bainuetxeetara gerturatzeko, Areatzakora, Arteakora edo Zeberiokora, esaterako.

1890ean agertu ziren Bilbo eta Durango artean tranbia bat eraikitzeko aukerari buruzko lehen berriak, Lemoatik Zeanurira joango zen adar batekin. Urte batzuk beranduago, tranbia horrek baldintzatu zuen Arratiako bizitza; izan ere, tailerrak Lemoan zeuden.

1899ko irailean ireki zen Lemoa eta Arteako zatia, animaliek tiratuta. Mende berriko lehen urteko udazkenean zerbitzua Zeanurira arte zabaldu zen, baina idien ordez makinak jarri ziren. 1902ko uztailaren 11n zenbait proba egin ondoren, abuztuaren 1ean abian jarri zen trakzio elektrikoko zerbitzua Lemoa-Zeanuri tartean. Trakzio elektriko bidezko ustiapenak berekin ekarri zuen autobusekiko konbinazioak hobetzea, eta trenarekin konbinatutako zerbitzuak jarri ziren Bilbotik Lemoara. 1902ko abenduaren 7an inauguratu ziren tranbiaren zati guztiak.

Tranbia ibiltzen zen lekutik denak ibil zitezkeen: idiek tiratutako gurdiak, astoak, pertsonak… Abiadura-muga orduko 20 kilometrokoa izanik ere, ohikoa zen istripuak gertatzea.

Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren Konpainiak interesa agertu zuen beste negozio-aukera batzuengatik, hala nola, Bilboko Hiri Tranbiarengatik, tranbiaren lineak ustiatzeko asmoz. Hori zela eta, liskarrak sortu ziren Bizkaiko Konpainia Nagusiaren eta Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbiaren artean.

1920ko hamarkadan eta 1930eko hamarkadaren hasieran, Ferrocarriles Vascongados konpainiak (gaur egun Eusko Tren) hartu zuen zerbitzua bere gain, 1911n. Tranbiaren urte gorenak izan ziren haiek. Langileen kopuruak gorabeherak izan zituen, baina 1971n 129 agente, 28 bagoi motor, salgaien 11 bagoi eta 80 atoi zeuden sare osoan.

Lemoako tailerretan (94. urtearen bukaeran Tallerretan eraitsi ziren horietan) tranbia ugari muntatu ziren, batzuk egikera oso zaindukoak. 1912. urte inguruan, zuzeneko adar bat eraiki zen tailerretatik herriko tren-geltokiraino; izan ere, biak ala biak konpainia berekoak ziren.
Tranbiaren egoera ekonomikoa ahuldu egin zen Gerra Zibila baino zertxobait lehenago, Bizkaiko Trenbide Nagusiarekin izandako tarifa-gerraren eta konpainiaren hitzarmenaren baldintza eskasen ondorioz. Dena den, hurrengo urteetan tranbiak hobekuntzak egin zituen bere linea eta bagoietan, eta arreta berezia eman zion bere irudi korporatiboari.

Gerra Zibilak eta haren ondorioek oso eragin negatiboa izan zuten linea osoan. Hondamena izan zen tranbiarentzat. Azpiegitura oso kaltetuta geratu zen, batez ere Zornotza eta Durango artean, hainbat zubi suntsitu baitziren. Hurrengo urteetan sarea eguneratzeko behar ziren material asko eta asko falta ziren. Pixkanaka, matxurak gero eta ugariagoak izan ziren. Gainera, Ferrocarriles Vascongados konpainiari ez zitzaion interesatzen tranbian inbertitzen jarraitzea, trena zeukalako eta 60ko hamarkadan bukatzen zelako administrazioak emandako emakida. Administrazioak, bere aldetik, uste zuen trena eta autobusa zirela etorkizunerako garraio publiko egokienak. 1950ean eten egin ziren Lemoa eta Zornotza arteko tranbia-zerbitzuak, eta autobusak jarri ziren horien ordez.

Arratiarrek oraindik ere asko erabiltzen zuten Zeanurira arteko linea, bidaia-maiztasun handikoa, baina 1953an beste hondamen handi bat iritsi zen: urriko uholdeak. Galerak handiak izan ziren; zenbatespenen arabera, garai hartako 2.200.000 pezetakoak. 1956an Lemoatik Galdakaorako linea eraiki zen. Zazpi tranbia baino ez ziren geratzen. Ordutik aurrera, tranbiaren gainbehera nabarmena izan zen.

1964ko udan Zeanuri eta Zulaibarrerako errepideko bidegurutzearen arteko 500 metroak desagertu ziren, eta 1964ko azaroaren 30ean martxan zeuden gainerako zatiak eten ziren: Urbitik Bilbora eta Lemoatik Zeanurira. Hala, tranbia behin betiko gelditu zen.

Autobusa, “Arratiano” izenez ezaguna, izan zen ordutik aurrera eskualdea komunikatzen zuen garraiobidea. Urte luzez tranbiaren ustiapena defizitarioa izan zenez, ez zen inolako inbertsiorik egin, eta hirurogeita hamarreko hamarkadan tranbiaren etorkizuna inoiz baino lausoagoa zen. Erabat desagerrarazi aurretik haren zerbitzuak ordezkatuko zituen garraio-sistema bat antolatu behar zen. Tranbiaren agonia motela eta luzea izan zen, eta bitartean haren defizitak gora egiten jarraitzen zuen. Azkenean, tranbia-zerbitzua eten egin zen 1964an.
Orduan, bukaerara arte egon ziren 74 agenteak banatuta geratu ziren: batzuk langabezian, beste batzuk Ferrocarriles Vascongados konpainian eta beste batzuk Arratiako autobusetan. 1965ean enkantea egin zen geratzen zen materialarekin. Hala, garraiobide hura desagertu egin zen. Alabaina, 50 urte beranduago bizirik jarraitzen du tranbia erabiltzen zuten lemoar eta arratiar askoren memorian.