Ongi etorri Lemoara!

Azken urteotan norbanakoen prozesu migratzaileak gertatzen ari dira Euskal Herriko herrien artean zein munduan, eta horren ondorioz gure herrialdean aldaketak gertatu dira. Mugikortasun horrek Lemoan ere bizilagun berrien etorrera bultzatu du. Aniztasun horren kudeaketarako lehen pauso bat ematea izan da harrera protokolo hau sortzeko arrazoia.


Bakoitzaren kultura, ohitura eta hizkuntza ezagutu eta partekatu, gure herriaren ezagutza erdigunean jarriz, bertako historia, errealitatea, euskararen garrantzia... Horretarako garrantzitsua da herriko biztanleen arteko elkar ezagutza bultzatzea eta hortik elkar aitortzarako pausoa eman bizikidetza egoki baterako helburura iritsi arte. Prozesu guztia aurrera eramateko, lehen momentutik harrera egokia egiteak berariazko inportantzia dauka; izan ere, horrek gerora eman beharreko integrazioa ahalbidetu dezakeelako.


Aipatu beharra dago harrera ez dela soilik herrira iritsi eta lehen momentu horretan sortzen den harremana; zehatzagoak izateko: ez da errolda momentuan bakarrik egin beharreko gauza. Harrera prozesu bat da, non hasiera-hasieratik bizilagun berriari herritar izaera onartu behar zaion, eta subjektu aktibo bilakatu. Momentu horretatik aurrera biziko duen prozesu pertsonala izango litzateke. Bide horretan, udalaz gain, herriko eragileek eta herritarrek izugarrizko garrantzia dute elkar ezagutza eta elkar aitortzaren ondoriozko bizikidetza hori gerta dadin.


Hori guztia oinarri hartuta, hurrengo Harrera Gida aurkezten dizuegu. Hilabetetako sentsibilizazio prozesu baten ondorioz eta sortutako beharrak asebete eta gero lortutako lanaren fruitua. Garrantzitsua da protokolo honi jarraipena ematea eta harrera ona egitea, gure herrian benetako bizikidetza lortzeko.