Kultura

 

Lemoako lubakiak

1937. urtearen hasieran Mola jeneralaren tropek Bizkaiko kontrola bereganatzeko kanpaina hasi zuten. Garai hartan Bizkaia zen abertzaleek eta errepublikarrek kontrolpean zuten iparraldeko eremu bakarra. Interes handiko gunea zen, industriak Bilbon eta inguruetan zuen garrantziagatik.

Lemoa inguruak Burdin Hesia babesten zuen, Bilbotik gertu dauden udalerriek, hala nola Galdakaok, eraikitako defentsa-lerroa. Bere kokapen eta ezaugarri geografikoengatik, Lemoa gune estrategiko bihurtu zen Burdin Hesiaren defentsan. Bilbora joateko igarobide laburra eta zuzena zen (20 kilometro baino ez daude Lemoa eta Bilbo artean), eta, horrez gain, errepideen elkargunea zen Zornotzarako eta Gasteizerako norabidean (Arratiako bailaratik barrena). Gainera, Lemoatxako puntatik Bizkaiko eremu zabal bat ikus zitekeen eta, beraz, etsaiaren mugimenduak kontrolatu ahal zituzten bertatik.

Balio estrategiko horren ondorioz, 1937ko maiatzaren 28tik ekainaren 15era bitartean bi aldeen arteko borroka gogorrak izan ziren. Arratiako zenbait gudutan gailendu ondoren, Nafarroako armada frankistak, Mola jeneralaren agindupean, Lemoatxara jo zuen. Han euskal brigadak zituen zain, Asturiaseko brigadekin batera, besteak beste. Egun batzuetan zehar, euskal brigadek gune horren kontrola mantentzea lortu zuten, armada frankistaren aliatua zen italiar abiazioaren bonbardaketak gorabehera. Azkenean, armada frankistak Lemoa kontrolpean hartu zuen. Lemoatxa bereganatu ondoren, armada frankistak, Alemaniaren eta Mussoliniren italiar armadaren laguntzarekin, zuzenean Burdin Hesia eraso zuen.

Ekainaren 19an Bilbo erori zen. Ehunka pertsona hil ziren Lemoatxako batailan. Gaur egun oraindik ikus daitezke liskar haien aztarnak; gudariek eraikitako lubakiak, Italiako armadako obusek eragindako kraterrak eta 2001ean aurkitutako gerra zibileko soldadu baten gorpuzkina besteak beste.

Lemoatxako tontorrean dagoen eraikinak ere garai hura gogorarazten du. Gudu haietan hildako armada frankistaren soldaduen omenez eraiki zen.

Bideoak

Ibilbideak